“Arazoak paradisuan” erakusketa. Maiatzaren 21etik ekainaren 10era
Lan artistikoa pribilegioa da. Maite duzunarekin eta duzunetik lan egitea. Eztabaidatzea, kontra egitea, elkarrizketan aritzea, partekatzea. Zuk zeuk zehazten dituzu ordutegiak, helburuak, zuk erabakitzen duzu nola jardun. Gure praktikak berekin dakar gauzak aztertzea, aintzat hartzea, ezberdina dena gainditzea, ekarpenak egitea. Hausnartu, parte hartu, kritika sortu eta disidentziarako espazioak ireki behar ditugu, sentitzeko eta pentsatzeko beste modu batzuei bidea egiteko. Gure lana esparru komunean gauzatzen da, publikoan. Eta horrek eratzen gaitu.
Baina artea bizimodu gisa hautatzeak baditu bere ordainak. Sistema opaku eta apetatsu batean egiten dugu lan, non interesak eta erabakiak elkar gurutzatzen diren. Lanaldi amaigabeak onartzen ditugu maiz, gaizki ordaindutakoak edo inongo konpentsazio ekonomikorik gabeak. Askotan, lehiakor agertzen gara gure kideekiko, postuak eta baliabideak eskuratzeko gure artean borrokatu behar dugulako. Prekarietatean eta harekin batera bizi gara.