Jardunaldiak

Sistema etenda. Arte garaikidearen jasangarritasun(ez)ari buruzko diagnostikoak eta proposamenak

 

Azken urteetan, gero eta argiago ikusten dugu baldintza prekarioak nagusi direla ekoizpen artistiko garaikidearen arloan. Nazioarteko ekitaldi handiek (bienalak, azokak, erakusketa ibiltariak…) bizkortu egin dute duela hamarkada batzuetatik indarrean dagoen eredua, eta eragin dute artista “famatu” gutxi batzuk nabarmentzea ia anonimoak diren ekoizleen masa handi batetik. Azken ekoizle horiek ekoizpen deialdiei, egonaldiei eta erakusketa kolektiboei esker bizirauten dute. Artistek etengabe egokitu behar dute sistemaren bizkortze horretara. Ondorioz, unean uneko aintzatespen iragankorrak baino ez dituzte jasotzen, eta etengabe borrokan jarraitu behar dute beren buruak ezagutarazteko. Baldintza horiek eragina dute harrera artistikoaren esferan, kontuan hartuta nola dagoen egituratuta museoen eta arte zentroen sare globalean. Duela zenbait hamarkadatatik, artearen ikusleak tentsio instituzional eta politikoen arteko bidegurutze batean daude, eta egoera horrek eredu homogeneizatzaile eta kuantitatibo baten menpe jartzen ditu.

Ekoizpen eta harrera artistikoaren esferak egituratzen dituzten baldintza horiek etenda gelditu ziren mundu osoan 2020ko martxoan. Jardunaldien xedea zen etenda dagoen sistema horren dinamika ez hain jasangarriei buruz hausnartzeko irekitzen zaigun aukeren leihoari ekarpen bat egitea –ikerketatik, jarduera artistikotik, komisariotza lanetik eta kulturaren kudeaketatik–, eta “normaltasun berrirako” zenbait modu proposatzea, artea ekoizten dutenen beharrak gehiago errespetatuko dituztenak eta esfera publiko anitz eta plural baten sorrera ahalbidetuko dutenak. 

Jardunaldiak I+G+b-ren Estatuko Planaren barruko bi ikerketa proiekturen esparruan sortu dira: “PREKARIART. Estudio multidisciplinar de la condición precaria de los artistas y el arte contemporáneo” (HAR2016-77767-R) eta “PUBLICUM. Públicos en transformación. Nuevas formas de la experiencia del espectador y sus interacciones con la gestión museística” (HAR2017-86103-P). Lehenengoa Universidad Del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatek koordinatu du, eta bigarrena Deustuko Unibertsitateak. Bi proiektuak diziplinarteko ikuspegitik gerturatzen dira artearen sistemara. PREKARIART proiektuak arteko lanbideen baldintza prekarioak eta horien alternatibak aztertzen ditu, baita egoera hori agerian jartzen duten proposamen artistikoak ere. PUBLICUM proiektuak, berriz, museoetako ikusleen eta horien antolamendu deriben eraldaketa garaikideak aztertzen ditu. Bi ikerketa proiektuen dinamismoa baliatzeak eta orientazioen arteko elkargune bat bilatzeak aukera ematen du artearen sistemaren ikuspegi integralagoa izateko.

 

 

LEKUA ETA DATA:
Baroja aretoa, Bizkaia Aretoa, Bilbo. Sarrera doan edukiera bete arte eta streaming bidezko emisioa.
2021eko maiatzaren 27 eta 28a (streaming esteka: https://ehutb.ehu.eus/live/59253bd6f82b2b62428b4975)

 

PROGRAMA:

OSTEGUNA 27

          • 16.15h-16.30h: Ongi etorria: Concepción Elorza Ibáñez de Gauna, Jaime Cuenca eta Fernando Bayón 
          • 16.30h-17.30h: Diego del Pozo, Urdaila, eztarria, hitz egiten dut, entzuten dut…
          • 17.30h-17.45h: Etenaldia
          • 17.45h-18.45h: Belén Sola, Hezkuntzaren norabidea biratzeko promesetik museoa espazio publiko gisa desagertzera. (Edo nola bahitu zituen pentsamendu neoliberalak museoak, mainstream kulturalarekin elkar hartuta)
          • 18.45h-19.30h: Mahai-ingurua

OSTIRALA 28 

          • 16.30h-17.30h: Gerard Vilar, Ausartu eta partekatu. Prekaritatearen ikerketa artistikoa
          • 17.30h-17.45h: Etenaldia
          • 17.45h- 18.45h: Olga Fernández López, Publikoa soilik da beharrezkoa
          • 18.45h-19.30h: Mahai-ingurua

 

HIZLARIAK:

 

Diego del Pozo: Urdaila, eztarria, hitz egiten dut, entzuten dut…

Laburpena: Ikerketan jasotako praktika artistikoek artearen sistemaren rolak birkonfiguratzeko beharra barne hartzen dute –bai erakusketarena, bai artistarena berarena–, bai eta oraingo esperimentazio eta ikerketa artistikoko zenbait prozesuren garrantzia nabarmentzea da. Analizatutako “Afektazio Gailu Artistikoak” definitzen dituzten ezaugarri komunen sintesi bat eskaintzen da.

Azken 40 urteetako politika neoliberalen ondoriozko ondoez neoliberaltzat jotzen denaren egoerari heltzen dio ikerketak. Aldi horretan, gutxika-gutxika, prekaritatea gizakiaren baldintza ontologiko bilakatu da, politika neoliberalen ondorioz. Ondoeza

fenomeno ekonomiko, sozial eta kultural batzuen aldiberekotasunak eta konplexutasunak definitzen du: GIBaren krisia, 2001eko irailaren 11ren ondorengo berrantolaketa geopolitikoa, 2008ko finantza krisiaren ondorioak, eta abar.

Zer rol dute egungo praktika artistikoek, azken 40 urteetako politika neoliberalek eragindako ondoezari dagokionez? Zer egin ondoez horrek eragiten dituen emozioekin?

Biografia: Diego del Pozo Barriuso artista eta Salamancako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea da. Gainera, C.A.S.I.T.A., Subtramas eta Declinación Magnética kolektibo artistikoetako kidea da. 2019an, BBVA Fundazioaren Leonardo beka jaso zuen. Banakako erakusten artean, hauek nabarmentzen dira: X. Erdialdeko Amerikako Bienalean egindakoak San Josén (Costa Rica) eta Managuan (Nikaragua), 2016-2017an; Huescako Diputazioa, 2012an; Burgoseko CABen, 2011n; eta Toledoko ECATen, 2009an. Honako erakusketa kolektibo hauetan parte hartu du, besteak beste: XIII. Habanako Bienala (2019) ; Venezuelako II. Bienal de Sur (2019); “…supone todo esto una posibilidad”, Valentziako Centre del Carmen (2018); “Una cierta investigación sobre las imágenes: Building Ghost Transmission”, XIV. Fotonoviembre Bienalean, Tenerifeko TEAn (2017); “Anarchivo Sida”, Madrilgo Conde Duque kultura zentroan (2017) eta Donostiako Tabakaleran (2016); “Nuestro Deseo es una revolución” (2017) eta “Atlas de las Ruinas de Europa” (2016-17), biak Madrilgo CentroCentro Cibelesen; “Un saber realmente Útil”, Madrilgo Reina Sofía Museoan (2014-15); “Hasta que los leones no tengan historiadores…” (2014-15), Madrilgo Mataderon; “Colonia Apócrifa”, Leongo MUSACen (2014- 15); “Inventer lo possible. Une vidéotheque éphémere”, Parisko Jeu de Paumen (2014); “Here together now” (2013) eta “Our work is never over” (2012), biak Madrilgo Mataderon; “Educando el Saber”, Leongo MUSACen (2010); “Apres la fin / valeur travail”, Haus der Kulturen der Welt, Berlinen, Alemanian (2009); eta Heterotopías, Oktogon de HFBK, Dresdenen, Alemanian (2007). Bere artelanak honako hauen bildumetan daude, besteak beste: Reina Sofía Museoa, Móstoleseko CA2M, Leongo MUSAC; Huescako CDAN, Salamancako Domus Artium 2002 (DA2); Martínez Guerricabeitia Fundazioa; Huescako Diputazioa; Díaz Caneja Fundazioa; Gaztela eta Leongo Junta; Valladolideko Diputazioa eta Caja Burgos. 

 

Olga Fernández López: Publikoa soilik da beharrezkoa 

Laburpena: Blockbuster erakusketen eta bienalen ilaretan harrapatuta, elkarlaneko obretan parte hartuz edo sare sozialetarako edukiak sortuz, publikoak gero eta desira objektu erakargarriagoak dira hala artistentzat nola instituzioentzat. Ez da fenomeno berria. Denbora luzez, publikoak figurantetzat hartu izan dira, Georges Didi-Hubermanek esan bezala: beste batzuek igorritako enuntziatu bat, eurenak ez diren istorioeta atxikitzen diren irudi anonimoak. Sarritan, pertsona multzo lauso gisa biltzen dituen dimentsio kolektibo batera mugatzen dira, eta, horregatik, zenbaitetan, esfera publikoaren nozioaren pean interpretatzen dira. Alabaina, publikoak, zeinak zehatzak eta itzurkorrak baitira aldi berean, zailak dira kontzeptualizatzen, eta are zailagoak aurreikusten. Nola irudikatu, orduan, haien eta haientzako agentzia posible bat?

Biografia: Olga Fernández López arte garaikideko eta ikasketa kuratorialetako irakaslea da (Artearen Historia eta Teoria Saila, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa). Proiektu honetan parte hartzen ari da: Los públicos del arte y la cultura visual contemporáneas en España. Nuevas formas de experiencia artística colectiva desde los años sesenta. Gainera, Exposiciones y comisariado. Relatos cruzados (Cátedra, 2020) liburuaren egilea da. Komisario lanak egin ditu erakusketa honetan: «Mil bestias que rugen. Dispositivos de exposición para una modernidad crítica» (2017, CAAC, Sevilla), bai eta Comunidades inestables (2016, Intermediae-Matadero) programan ere. 2001 eta 2006 artean, Patio Herreriano Museoko (Valladolid) kontserbatzaile nagusia eta Ikerketa eta Hezkuntzako burua izan zen. 

 

Gerard Vilar: Ausartu eta partekatu. Prekaritatearen ikerketa artistikoa 

Laburpena: Zer egin dezakete artistek desberdintasun ekonomiko, sozial, psikologiko eta kulturalen aurrean? Nolako eragina dute prekarizazio prozesuek artean, artearen ekoizpenean eta artearen harreran? Egokitu zaigun pandemiak areagotu baino ez ditu egin arazoak. Ikerketa artistikoak ez du mundua salbatuko, baina ekarpenak egin ditzake errealitate sozialaren ezagutzari dagokionez; ez hainbeste azalpenak proposatzen dituelako, baizik eta egitateen ulermen enpatikoa eskain dezakeelako, batez ere lehen eta bigarren pertsonan formulatuta, hirugarrenean baino gehiago. Azken batean, orain gehien axola duten hiru kontzeptuetatik (ausartzea, zaintzea eta partekatzea), bi baizik ezin ditu jorratu ikerketa artistikoak. Ikerketa artistikoko proiektuek ezin dute zuzenean zaindu, ezin dituzte erakundeen ekintza publikoko planak ordeztu, baina lagun dezakete gertatzen dena ulertzen, eta ausart daitezke beste era batera pentsatzen, bizitzeko beste modu batzuetarako kontzeptu berriak irudikatzen, eraldaketaren poetologia deitu izan zaion horri esker.

Biografia: Gerard Vilar Estetika eta Arteen Teoriako katedraduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Filosofia Sailean. Bertako zuzendaria izana da. Eina/UABeko Arte eta Diseinuko Ikerketa Masterraren koordinatzailea da. «Ikerketa Artistikoa eta Pentsamendu Estetikoa» ikerketa proiektuaren ikertzaile nagusia da. Bere azken liburuak hauek dira: Precariedad, estética y política (2017), Lyotard: estètica i política (2019) eta El arte contemporáneo como investigación (2021). 2017ko abenduaz geroztik, Espainiako Estetika Elkarteko lehendakaria da.

 

Belén Sola: Hezkuntzaren norabidea biratzeko promesetik museoa espazio publiko gisa desagertzera. (Edo nola bahitu zituen pentsamendu neoliberalak museoak, mainstream kulturalarekin elkar hartuta)

Laburpena: Ponentzia honetan, lehen pertsonan kontatzen da Leónen kokatuta dagoen Gaztela eta Leongo MUSAC Arte Garaikideko Museoaren Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailean izandako esperientzia. 2004an sortu zenetik, zentroa ireki baino lehen, harik eta 2020ko martxoan erakunde kudeatzaileak –Gaztela eta Leongo arte eta turismorako Siglo Fundazioa– zentroaren aurrekontua konfiskatu zuen arte, COVID-19aren aurkako neurri murriztaile gogorrak argudio gisa hartuta.

Ponentziaren asmoa MUSAC Museoaren garapeneko fase nagusiak erakustea da. Fase horiek, nolabait ere, Gaztela eta Leongo Juntak aurrera eraman dituen politikek eta museoak izan dituen hiru zuzendarien programa kuratorialek definitzen dituzte. Baina azalduko dira, era berean, Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak herritarrekin elkarlanean abian jarri ahal izan zituen zenbait lan dinamika eta estrategia ere, museoak hezkuntzan, politikan eta gizarte mailan bira bat egingo zuen promesarekin; izan ere, nahiz eta herritarrek eta museoko hezkuntza taldeak ahaleginak egin, ezin izan zen halakorik txertatu zentroan.

Biografia: Ikertzailea, irakaslea eta kultura ekoizle independentea.

LAAV Ikus-entzunezko Antropologia Esperimentaleko Laborategiaren zuzendaria, Chus Domínguez artistarekin batera. 2005 eta 2020 bitartean, MUSACeko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saila zuzendu zuen. Honako liburu honen egilea –beste batzuekin batera– eta editorea da: Experiencias de aprendizaje con el arte actual en las políticas de la diversidad (Actar, Bartzelona, 2010), non MUSACeko hezkuntza proiektuaren oinarriak biltzen baititu. Hark idatzia da, halaber, beste batzuekin batera, liburu hau: Exponer o exponerse: La educación en museos como producción cultural crítica (Catarata, Madril, 2019). Gaur egun, Valladolideko Unibertsitateko musika, plastika eta gorputz adierazpeneko Didaktika Saileko irakasle elkartua da. Valladolideko Unibertsitatean Artearen Historian lizentziatua da eta Hezkuntza Artistikoan doktorea da Leóngo Unibertsitatean.