Research Staff
Artista: Maria Alcaide
Urtea: 2019
Formatua: bideo instalazioa
Iraupena: 21’36’’
Esker ona: C.C. Can Feliparen laguntzarekin egindako obra.
Research Staff
Artista: Maria Alcaide
Urtea: 2019
Formatua: bideo instalazioa
Iraupena: 21’36’’
Esker ona: C.C. Can Feliparen laguntzarekin egindako obra.
Deskribapen testua: Bideo hau 2019. urtearen hasieran egin nuen. Urtebete lehenago Espainiako unibertsitate batean aritu nintzen bekadun gisa, EBren ikerketa laguntza batzuei esker. Kontua da ikerketa kontratu horiek gazteen langabezia tasak apaintzeko modu bat baino ez zirela eta gure nagusiek guretzat lan askorik ez zutela. Hori dela eta, sei hilabeteren buruan, zeregin handirik gabe baina soldata on batekin, denbora gehiago ez galtzea erabaki nuen. Hala, lana utzi nuen, egonaldi artistiko bat egiteko. Urtebete beranduago eta prekarietate egoera ugari bizi ondoren, justu kontrako mugimendua egiteko itzuli nintzen: langile arrunt gisa infiltratu nintzen, kobratu gabe lan egiteko. Lan abentura horretan, plataforma birtualean klabeak berraktibatu edo barne sisteman langile moduan alta eman ziezadaten lortu nuen. Hori guztia grabatuta geratu zen Interneten erosi nuen ur botila zelatari baten bidez.
Bideo honek Equipo de investigación telebista programaren antz handia du, eta bertan agertzen diren langile gehienek lanik ez egiteko edo lanean daudelako plantak egiteko erabiltzen dituzten estrategiak erakusten dizkigute. Hala, lanari erresistentzia egiteko zenbait estrategia geratzen dira agerian. Estrategia horiek, besteak beste, lan baldintzak kontuan hartu gabe emaitzak inposatzen dituen sistema baten aurka modu kontzientean borrokatzeko izan daitezke, edo gorputzak lanaren aurrean dituen erantzun naturalei loturiko biziraupen estrategiak. Ordaindu gabeko lana egiten duten tesi ikasleak, garbitzaile azpikontratatuak edo objektu gisa ikus ez ditzaten borrokatzen diren neska bekadunak dira bitarteko prekarioekin egin den lan esperimental honetako protagonistak; izan ere, gorputz horiek prekarietateak inguratzen ditu, eta gorputzok beren erremintekin egin behar diote aurre prekarietateari.
Nork eraiki zuen Tebas, zazpi ate zituen hura?
Artista: Ignacio García Sánchez
Urtea: 2010-18
Komisarioa: Susana Blas
Deskribapen testua: Ignacio García Sánchezen lanean, hizkera eta tradizio artistiko desberdinak gurutzatzen dira, arazo historiko, politiko eta sozialei buruz hausnarketa eginez eta egun nagusi den bizimodu sistemari buruzko galderak egiten dituzten agertoki utopiko eta kritikoak sortuz eta ikertuz.
Teoriaren eta praktikaren arteko kontraesanak eta ideia abstraktuek gizartea eraldatzeko prozesuetan duten eragin erabakigarria daude bere lanaren oinarrian.
Erakusketa honetarako, 2010etik 2018ra bitartean ekoitzitako obra batzuk aukeratu dira, hainbat proiektutatik datozenak eta lanaren kontzeptuari heltzen diotenak, pentsatuz ez bakarrik beren lan jardueran ari direnengan eta hartatik bizi direnengan, baizik eta sistematik kanpo daudenak ere gogoan izanik. Horregatik aukeratu da proiekturako Nork eraiki zuen Tebas, zazpi ate zituen hura? izenburua, Bertolt Brechtek historiako «lorpen handien» egile anonimoei buruz idatzitako «Irakurtzen duen langile baten galderak” poemako lerro bat, alegia.
Formalizatzeko moduari dagokionez, Ignacio García Sánchezi eskulana interesatzen zaio, karga sinboliko handia duten eta esanahi berria hartzen duten materialak –askotan hauskorrak, prekarioak, sakabanatuak– manipulatzean. Arte Ederretako diziplina klasikoetara «arte txiki» edo aplikatuen hainbat eragin gehitzen ditu: ilustrazio hezigarriak, herri eskulangintzak, propaganda politikoa, bai eta simulazio arkeologikoak edo antropologia sozialekoak ere.
Batzuetan, etorkizuneko gizarteetatik edo gurearen paraleloak direnetatik datozen produktu kulturalen bidez egindako erreplika joko bat garatzen du, eta unibertso anakronikoetan sartzen gaitu, etorkizunera proiektatzeko. Era berean, historia linealarekiko kritikoa izaten ahalegintzen da, egin duen ibilbidearen hainbat garaitako piezak elkarrizketan jarririk.
Munduko lanik onena
Artista: Cristina Garrido
Urtea: 2021
Formatua: A4 paperean inprimatutako testuekin horma gainean egindako instalazioa; txintxetak
Esker ona: Artistaren eta The Goma galeriaren kortesia
Deskribapen testua: Bada kontu bat, arteaz eta artistez mintzatzen garenean sarri ezkutuan geratzen dena. Artearen historiak nolabaiteko arrakasta izan duten artisten testigantzak helarazten dizkigu: sortzaile horiek aintzatespenaren bidez ordaindu zituzten lan nekeza eta urtetako sufrikarioa. Borrokan ari diren artisten historia seduzigarria da: heroitzat hartzen dira, baina ahalegina egiteari utzi behar izaten dioten edo beste bizimodu bat hautatu behar izaten dutenen –gehienak– errealitatea ezkutatzeko ere balio du. Arte eskolek –lehenengo instituzio artistikoak– itsutasuna eta nahasmena sortzen dituzten mitoak eta sinesmen erromantikoak sustatzen dituzte gazteengan. Nahiz eta prestakuntzaren lehenengo urteetan artistei esaten zaien beren lana baloratzeko irizpide bakarrak talentua, lana eta zortea izango direla, hamar bat urtez artegintzan jardun ondoren, artista asko ohartzen dira, ezaugarri horietako batzuk izanik ere, profesionalki artetik bizitzeko askoz garrantzitsuagoak diren beste dohain batzuk falta zaizkiela. Klase sozial jakin bateko kide izateak, generoak, norberaren jatorrizko geografiak edo pertsonaren zenbait alderdi psikologikok eragin erabakigarria dute hala pertsonaren historian nola pertsona horrek, epe luzera, karrera artistiko bat garatzeko dituen aukeretan.
Instalazioan, Cristina Garridok artearen ekoizpenetik edo bizitza publikotik erretiratuta dauden espainiar Estatuko hainbat lurralde eta belaunalditako –1964tik 1984ra artean jaioak– hamasei artistarekin izandako elkarrizketen transkripzioa aurkezten da. Elkarrizketa horien bidez, Espainiako artearen genealogiaren parte bat hurbiletik ezagutzeko aukera eskaintzen zaigu, liburuetan erregistratuta geratu ez den parte bat, eta egungo egoera argiago ulertzen lagunduko diguten aztarna batzuk emango dizkigu.
Tienda online
Artista: Beatriz Sánchez
Urtea: 2021
Formatua: multimedioak
Deskribapen testua: Tienda online Interneteko salerosketa plataformetako intrusismoari buruzko proiektu baten jarraipena da.
Lehen bertsioan, onlineko salmentako atari handiak (tartean, Amazon eta Aliexpress) troleatzen aritu naiz; hots, zarata sartu dut, artelanen irudiak, plataforma horien erabiltzaileek iruzkinak egiteko dituzten tresnetan –produktuei buruzko iritzia eman daiteke horietan, argazki, bideo eta testuaren bidez–.
Erakusketa honetarako, izurra izurtu nahi dut: atal berri bat gehitu nahi diot proiektu intrusistari. Honako honetan, eduki artistikoak bigarren eskuko gauzen salerosketa plataforma ezagunetan (esaterako, Milanuncios, Todocolección, Wallapop eta Vinted) sartuko ditut.
Goi kulturaren merkatuan ezohikoak diren kanal horiek salgai ditudan nire zenbait sorkuntza –horietako asko aretoan egongo dira ikusgai– iragartzeko onlineko denda izango dira.
Nada que ganar, nada que perder
Artista: Garcia_Fernández (SomosNosotros)
Urtea: 2015
Formatua: bideoa
Iraupena: 10’19’’
Deskribapen testua: 2013tik 2015era bitartean, elkarrizketak egin genizkien suspertzen ari ziren hainbat eragileri, eta haiekin bat egin genuen artista gisa parte hartzen dugun egoitzetan, erakusketetan edo beketan. Galderak beti berdinak ziren, eta arte-sektoreko ustezko profesionalizazioranzko legitimazio-prozesuei buruzko testuinguru- eta belaunaldi-esparru bat sortzen saiatzen ziren. Lortutako erantzun desberdinen zatiekin, beldurrei, fantasiei, segurtasunik ezari edo kontraesanei buruz, kontakizun bat sortzen dugu lehen pertsonan, eta, horrela, Espainian sortzen ari diren eragileen egungo egoeraren erretratu bat lortzen dugu. Emaitza elkarrizketa bat simulatzen duen bideo bat da, bi urtez agente guztiei egindako galdera berberekin. Elkarrizketatzaileak hainbat ekintza ironiko egiten dizkio elkarrizketatuari bere erantzunei dagokienez, eta bera pasiboki mantentzen da inolako erresistentziarik jarri gabe. Elkarrizketa paradisu faltsu batean sortzen da, dekoratu bihurri batean, existitzen ez den paradisu bat bilatzeari erreferentzia eginez, non azaleratzen ari diren agente guztiek iritsi nahi duten.
ART WORKER RIGHTS (AWR)
Urtea: 2021
Formatua: papelak, online
ART WORKER RIGHTS (AWR) [artearen arloko langileen eskubideen aldeko plataforma] autoedizioko tresna bat eta artxibo bat da, eta artearen arloko langile gisa ditugun borroka, eskaera eta asmo kolektiboak biltzeko eta komunikatzeko funtzioa duena.
Gure buruaren ordezkari izatea ezinbesteko urratsa iruditzen zaigu gure ahotsak indartu eta ekintzara pasatzeko, gure lan baldintzak hobetzeko. Egon informatuta! Antola gaitezen!
Garrantzitsua: testigantza guztiak anonimoak dira egileak kontrakoa zehazten ez badu. Testigantzak hitz gutxi batzuetatik paragrafo oso batera artekoak izan daitezke. Zurekin harremanetan jarriko gara zure ekarpenaren bertsio editatua onar dezazun. AWRren online artxiboan argitaratzeaz gain, ekarpenak gure kausarekin konprometitutako eztabaida, erakusketa, adierazpen, lanbide edo argitalpenetan mobilizatu ahal izango dira. Laguntzaile guztiei aldizka emango zaie AWR ekintzen berri. Laguntza behar baduzu edo galderaren bat baduzu, jakinaraz iezaguzu posta elektronikoz.
Inaugurazio ekitaldian, gainera, AMA OREA – OGI ekologikoa izango da.